Berangoko Udalbatzak maiatzaren 12an hartutako erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du gaur goizean Koldo Martinez Ezker Batuko zinegotziak. Egun horretako osoko bilkuran,
Lantzarteko zelaia saltzeko hitzarmena behin-behinean onartu zuten, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatuz. Orubea Bizkaiko Foru Aldundiaren menpe dagoen Azpiegitura sozietateari lau milioi eurotan salduz, tasatutako 80 etxebizitza eta aparkalekuak eraiki nahi dituzte tokiko jelkideek, "gazteentzako mesedegarri" izango delakoan. Behin pausu hori emanda, auzibidera jotzeko aukera ere ez du baztertzen EBkoak. Martinezen arabera, Berangoko Udalbatzak hartutako erabakia "baliogabea" da, "forma akats batengatik". Bere hitzetan, "ezin da hitzarmen hori onetsi, Hirigintza Arautzeko Plan Orokor (HAPO) berriko testu osoa argitaratuta egon barik". Argazkian, Lantzarteko auzokideen protesta maiatzaren 12ko udal batzarrean.