Uribe Kostak ezker abertzaleko alkate bat izango du historian lehenbiziz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 11a, 13:39

Saioa Villanueva Zarandona independentista, abertzale eta ezkertiarren Sopelako Bildu koalizioaren burua alkatetza eskuratu egin du. Goizeko 9etan zen Udalbatza berria eratzeko saioa eta bertan ezagutu du Josu Landaluze alkategai jelkideak albiste txarra. Telefonoz komunikatu diote aurrean zituen PSE-EEko zinegotziek ez ziotela botoa emango. Gauzak horrela, Basagoitik agindu zion PPren boto bakarra ez du nahiko izan gehiengo osoa eskuratzeko eta hauteskundeak aise irabazi zituen Bildu koalizioak eskuratu du alkatetza Villanuevarentzat eta Udal Gobernua eratzeko mandatua. PSE-EEko kideek, beren burua bozkatu dute. Bitartean, batzuk sinetsi ere egiten ez zutela, Bilduk deitutako 50 bat lagunek ospatu dute garaipena Udalbatza areto betean eta beste horrenbeste udaletxearen sarreran. Izan ere, udaltzainek atea itxi diete herritarrei, aretoak leku mugatua zuela argudiatuz. Bilduko kideek nabarmendu dute Villanueva Sopelak duen lehenengo alkatesa independentista, ezkertiarra, gaztea, ekologista eta feminista izango dela. Argazkian, Sopelako Udal Gobernu berria / © Sopela.net.

Alkate izendatu berriak aldaketa politikoa martxan jarriko duela eta herritarren partaidetza pausu erangikorrak emango dituela agindu du. Zuhurtziaz ere arituko direla azaldu du. izan ere, Alkatetza eta Udal Gobernua izango badute ere, gehiengo osoa ez dute Udalbatzan izango Bilduko kideak eta PSE-EE zein EAJrekin behin behineko akordioak lortzea behar izango dute.

Ospakizun labur bati eta lehenengo lan bilerari ekin baino lehen horrela mintzatu zaie Villanueva herrikideei: "Herritar guztion protagonismoa etengabe landuko dugu. Inola ere ez inoren kontra, baizik eta sentsibilitate aurrerakoi eta herritar guztiak kontutan hartzeko borondate irmoarekin".

Sopela.net agerkari digitalak zabaldutako bideoa (©)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun