Gorliz berreskuratu du EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 12a, 01:09

Frankismoaren bukaeratik hona Gorlizen izandako domeinu jeltzalea apurtu zuten orain lau urte Emma Calzadak zuzendutako Gorlizko Talde Independentekoek. Baina urak ekarria urak eramana, Arantza Etxebarria Villabeitiak eskuratu du gaur Patxo Igartuak 2003an galdu zuen alkate jesarlekua. Gorlizko alkate jeltzalea berriak eta izandakoak besarkada bero batekin eman diote bukaera parentesi independenteari. Horretarako, ezinbestekoa izan da gaur 13:00etan izandako bozketa. Udalbatza eratu ostean, talde bakoitzak, independenteak, jeltzaleak eta Bildu, bere hautagaia bozkatu du, hauteskundeak irabazi zituen Arantza Etxebarria Villabeitia jelkideari alkatetza emanez. Alabaina, 13 zinegotzi izan arren, 14 boto agertu dira Gorlizko bozketan, haietako bat zuria. Idazkariak norbaitek erratuta eta "inolako asmorik gabe" paperen bat gehiago sartu ei duela esan du eta boto hori bertan behera uztea proposatu du. Inork protestarik egin ez duenez horrela egin dute. Argazkian, Arantza Etxebarria alkate berria, Herri Torrontegi motor pilotuaren emaztea da.

Etxebarriak eskertu egin die denei berarengan jarritako konfiantza eta "guztion laguntzarekin ondo egitea espero" duela esan die Udalbatza aretoan batutako lagunei. Aurretik, liskar unea izan da, bozketaren ostean, Emma Calzada alkate ohia mintzatu eta idazkariak ekitaldia bukatutzat eman duenean. Orduan, Gorka Unzueta Bilduko alkategaiak salatu du batzuei soilik uzten zitzaiela hitz egiten eta aldarrikatu du mintzatzeko eskubidea. Okerra onartu eta saioarekin jarraitu dute Unzueta eta Etxebarria ere entzuteko.

Bere mintzaldi laburrean Calzadak Udal Gobernu Talde berria zoriondu eta bere agurra bota du. Ohore handitzat jo du Gorlizko alkatea izan izana. Halere, oposiziotik ere lan egiteko konpromisoa hartu du, "ilusio eta maitasun berarekin". Udalbatzan errepikatu ez badu ere, azken egunotan kritika gogorrak egin dizkie Bildu eta EAJri independenteen taldeak. Horrela, haien arteko akordio bat eskuratzeko abertzaleek laupabost batzar egin dituztela ziurtatu eta haiekin, ordea, espedientea garbitzearren baino ez direla behin bildu salatu egin dute. Independenteen ustez, Bilduk alkatetza eman dio EAJri bere burua bozkatzean eta horiek zein EAJkoek ez dute "inolako interesa" erakutsi "Gorlizen onerako" proposamenak entzuteko edo eztabaidatzeko. Bere aldetik, Gorka Unzuetak Bilduk herri guztietan irakurri duen komunikatua leidu du.

Udalbatzaren eraketa iruditan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun