Itzulpen akats bat zuen selektibitateko euskarazko Kimika azterketak sortutako zalaparta konpondu nahian, gaur hartu du erabakia
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU). Bi kalifikazio emango dituzte aztertzaileek: bata, azterketa osoarena; eta bestea, akatsa zuen ariketa kenduta. Ondoren, bi noten artean altuena emango zaio ikasleari. Bestalde, azterketaren beste ariketa bat gai-zerrendaren barruan ez zegoela salatu zuten ikasleek. Haien aburuz, ariketa horri erantzuna emateko beharrezkoa zen Biologia ezagutzak izatea. EHUren arabera, ordea, galdera hauen edukia "zuzena" da, "Euskal Herriko Buletin Ofizialean azaltzen ziren baldintzak bete baititu". Kaleratutako prentsa oharrean, gertatutakoa "deitoratzen" dutela azaldu dute unibertsitateko agintariek. Gainera, eragindako kaltea "ahalik eta arinen egiten lagunduko" dutela eman dute jakitera. EHUren arabera, "inor ez kaltetzea bermatuko du hartutako konponbideak". Hala ere, "kasu hauetarako aurreikusita dauden erreklamazio bideak zabalik" daudela gogoratu dute. Argazkian, Leioa eta Erandioko campuseko ikastegietako bat.