Azpimarratu beharra dago kasu gehientsuenetan ez dela protokolo hori aplikatzen. Iaz inkomunikatu zituzten 78 atxilotuetatik soilik bederatziri aplikatu zioten protokoloa. 9 horietatik bik besterik ez zituzten tratu txarrak salatu. Protokoloa aplikatu ez zieten 69 lagunetatik, aldiz, 61 izan ziren tratu txar eta torturak salatu zituztenak. Beraz, salaketen %97a epaileek neurri prebentiboak hartzeari uko egin ziotenean gertatu ziren. Eta uko hori guztiz kontrajarria dago orain Gorenak gomendatzen duenarekin.
Protokoloa aplikatzeari esker, aipaturiko lau atxilotuek haien konfiantzazko mediku baten bisita jaso ahal izan zuten, betiere auzi-medikuarekin batera, eta geroztik azken horrek lauen tortura salaketak jaso behar izan zituen bere txostenetan. Bereziki, Mertxe Alcocerrena, zeinak jasandako tratuaren aztarna nabarmenak zituen.
Auzi-medikuaren txostenak berehala heldu zitzaizkion Pedraz epaileari eta Auzitegi Gorenak salatu du epaileak ez zituela inolaz ere bere betebeharrak bete, «ez zuelako ikerketarik egin Alcocerrek zituen kolpeen jatorriari buruz». Eta are okerrago jokatu zuela «hark bere presentzian tratu txarren salaketa berretsi zuenean», kasu zipitzik ez baitzion egin.
Errealitate gordina da horrela jokatu ohi dutela Auzitegi Nazionaleko epaile guzti-guztiek, baina hala ere Gorenak oraingo honetan hori salatu izana benetan harrigarria egin zait. Are gehiago salaketaren jomuga zein izan den ikusiaz: Pedraz epailea, azkenaldian torturaren aurrean jarrera duina izan duen bakarra; hori bai, behin bakarrik.
Izan ere, 2008ko abuztuan molotov koktelak jaurtitzeaz akusatua zegoen Ailande Hernaez gazteari inkomunikazioa altxatzeko agindu baitzuen, deklarazio poliziala bere konfiantzazko abokatuarekin egin zezan. Halakorik ez dut uste inoiz egin izan duenik Auzitegi Nazionaleko beste epaile batek. Ondoren, gaztea Pedraz epailearengana eraman zuten eta hark aske utzi zuen fidantzapean.
Union de Oficiales de la Guardia Civil eta Sindicato Unificado de Policía (SUP) delakoek sekulakoak eta bi bota zituzten epailearen kontra. Adibidez, SUPeko idazkari nagusiak, Jose Manuel Sanchez Fornet, zera esan zuen: "Egunero jaurti beharko lituzkete molotov koktelak Pedraz epailearen etxearen kontra, ea nola hartzen zuen".
Lau hilabete geroago gertatu zen hasieran aipaturiko lau lagunen atxiloketa eta Pedrazek, Garzon Protokoloa aplikatuz, inkomunikazio aldi guztia DVD edo bideo bidez graba zezatela agindu zuen. Auzitegi Gorenak dioenez, ordea, agindu hori "ez zen inolaz ere bete, eta ondorioz inkomunikazioak berez eta ezinbestez dakarren berme gabezia areagotu egin zen atxiloaldian".
Beraz, Gorenak onartzen du inkomunikaturiko atxilotuek berme gabezia pairatzen dutela beti. Eta gabezia hori bereziki larriagotzen dela Auzitegi Nazionaleko epaileek Garzon Protokoloa aplikatzeari uko egiten diotenean eta ez dutenean, horrenbestez, atxiloaldi guztia grabatzeko agintzen. Dena den, agintzen dutenetan ere, badirudi poliziek ia inoiz ez dutela betetzen agindu hori.
Azkenik, Auzitegi Gorenak bere sententzian ez du onartzen polizia aurrean eginiko aitorpenak froga gisa erabil daitezkeenik Auzitegi Nazionalak erabili zituen bezala kondenak ezartzeko. Are gehiago, ez du onartzen ezta ere Mertxe Alcocerrek epailearen aurrean bere aitorpena berretsi izana froga gisa erabil daitekeenik, "bortxatuta deklaratu zuelako, eta horrek balioa kendu beharko lioke epailearen aurrean egindako berrespenari, erritualeko baieztapen hutsa izan baitzen". Sinestezina!
Hori bai, Gorenaren sententzia hau egun bakarreko lore besterik ez izatea gerta daiteke, Pedraz epaileak Ailande Hernaez gaztearen kasuan izan zuen jarrera duinarekin gertatu bezala, baina, egia esan, baikor izateko arrazoi sendoak daude, azkenaldian nabarmen areagotzen ari baitira nazioartetik espainiar agintariei egin ohi zaizkien salaketak torturari aurre egiten ez diotelako. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren bi azken zigorrak lekuko. Eta oso daitekeena da torturaren aurka hainbeste urtetan egindako lanaren fruituak gero eta handiagoak izatea.
Abagune ederra daukagu. Aprobetxa dezagun!
Xabier Makazaga "Manual del torturador español" liburuaren egileak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia