Enplegua erregulatzeko espedientea aurrera ateratzeko akordioa adostu berri dute Asuako Sun Chemical lantegiko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, "Deia" egunkariak zabaldu duenez. Orotara, arte grafikoentzat tintak ekoizten dituen lantokiko 44 beharginei eragingo die neurriak. Hitzarmenaren arabera, 55 urtetik goragoko langileek erretiroa aurretik hartzeko aukera izango dute, soldataren %70 eta %85 artean jasoz, adinaren arabera. Gainontzeko beharginei dagokienez, lau Alcala de Henares-eko fabrikara, Madrilera, eraman nahi dituzte; eta beste bost Urtuellara. Horrenbestez, Asuako lantaldearen %30 geratuko litzateke langabezian, kazeta jeltzaleak UGTren iturriak aipatuz zabaldu duenez. Hala ere, sindikatu horren arabera, langile guztiei emango diete —erretiroa aurretik hartu dezaketenei barne— bederatzi leku aldaketa horien alde egiteko aukera. Hartara, oraindik ez dakite zenbat geratuko diren kalean. 15 lagun inguru izango direla dio UGTk. Argazkian, Erandioko Axpe auzoan zegoen Excainox SL galdara-lantegiko 12 beharginek hainbat mobilizazio egin zituzten enpresa ez ixteko. Azkenean, epaileek enpresariri kalte-ordainik handienak ordaintzeko agintzea erdietsi zuten / © CCOO.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!