Leioandi eremuan 405 etxebizitza eraikitzeko baimena eman berri du tokiko Udalak. Horietatik, 101 errentazko etxe sozialak izango dira. Gainontzeko 304ak, berriz, babes ofizialekoak, gaurko prentsaurrekoan Eneko Arruebarrena alkateak zehaztu duenez. Udal erakundeak ekintza administratibo bakar batean eman du zonalde horretarako aurreikusitako etxe gehiengoen lizentzia. Agintariak adierazi duenez, "horrekin herri erdialdea eta Sarriena, unibertsitaterako bidean, lotzen duen zonalde urbanizatua hiru urtetan prest izatea espero dugu". Horrez gain, proiektuaren barruan Elexalde ibaia eta errota ingurua urbanizatzea ere aurreikusten dute, tranbia pasatuko den bulebarra eta Arriena parke berria barne. Hirigintza proiektu handi hori 2009an Leioako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak sinatutako hitzarmenaren ondorioa da. Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkatea eta Javier Madrazo Etxebizitza sailburua hitzarmena sinatu zuten momentuan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!