Aurtengo hondartzen denboraldiaren hasierarekin batera, hareatzen inguruetan egin ohi den uraren gehiegizko kontsumoaren kontrako sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan
Sopelako Udalak. Aurreko urtean, 186.007 pertsonek bisitatu zuten Arrietara-Atxibiribil hondartza eta, guztira, 1.625.701 litro ur kontsumitu zituzten. Datu "larria" da. Izan ere, 2009ko datuekin alderatuta, kontsumoa %98a igo zen, tokiko iturriek emandako datuen arabera. Hori dela eta, Barinatxe eta Arrietara-Atxibiribil hondartzetako komun eta dutxetan hainbat kartel jarri dituzte uraren erabilera egokia azaltzen duten jarraibideekin. Bestalde, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Ekogune bulegoarekin elkarlanean, etxeetan zurrusta-hausteko gailuak banatuko dituzte. Horrela, iturrietan jarrita, airea eta ura nahasi egiten dira presioa egokituz, uraren isuria mugatuz eta horren kontsumoa kontrolatuz. Argazkian, hondartza bat jendez gainezka.