Ostegun honetarako, ekainak 16, batzar irekia deitu du
Gorlizko Bilduk. Hitzordua arratsaldeko zazpietan jarri dute Teresiano eraikinean, Eloisa Artaza kalean. Horrenbestez, herritar guztiak deitu dituzte bileran parte hartzera. Gogoratuko duzuenez, joan den maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan, Bilduk 683 boto eta 3 eserleku lortu zituen hiribilduan. Bozak EAJk irabazi zituen 1.108 boto eta 5 zinegotzi eskuratuta. Atzetik, 958 boto eta beste 5 ordezkari lortu zituzten Gorlizko Independenteek. Horri jarraiki, larunbatean,
udalbatza eratzeko ekitaldian, Arantza Etxebarria Villabeitiak eskuratu zuen Patxo Igartua jelkideak 2003an galdu zuen alkate jesarlekua. Lau urtez izan da alkatetzan GIko Emma Calzada. Udalbatza eratu ostean, talde bakoitzak, independenteak, EAJ eta Bildu, bere hautagaia bozkatu zuen, hauteskundeak irabazi zituen Etxebarria jelkideari alkatetza emanez. Argazkian, Gorlizko udalbatza eratzeko ekitaldia joan den larunbatean.