Azaroaren 21ean emakume batek jasandako sexu eraso saiakera salatzeko asmoz, ostiral honetarako, hilak 17, elkarretaratzea deitu du Plentzia ta Gorlizko Gazte Asanbladak. Ustezko erasotzailea joan den ostegunean atxilotu zuen Ertzaintzak. Bada, kontzentraziorako ordua arratsaldeko 8etan jarri dute, Astillero plazan. Bere aldetik, Plentziako Bilduk, mota horretako erasoak gogor salatu eta deialdiarekin bat egin du. Aldi berean, itsas-hiribilduko bizilagunak aipatu elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu. Esan bezala, Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen hilaren 9an Plentzian, azaroan emakumezko bati sexu erasoa egiten saiatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldu zuenez, arratsaldez harrapatu zuten, hiribildu erdialdean. Eraso saiakeraren biktima izan zen emakumea lagun batekin Plentziatik oinez zihoala, ustezko erasotzailea ikusi zuen telefono-kabina batetik deia egiten, polizia iturriek azaldu zutenez. Ertzaintza ohartarazita, patruila bat bertaratu zen eta, susmagarria identifikatu eta gero, atxilotu egin zuen. Argazkian, erasoen aurkako protesta Itzubaltzeta / Romon.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!