Atzo tentsio handiko uneak bizi izan ziren metroko nagusien, langileen eta greba batzordeko kideen artean, LAB sindikatuak aitortu duenez. Baina, azkenean, "gutxieneko zerbitzuei buruz ezarritakoa errespetatzea", sindikatuko kideen hitzetan. Hala eta guztiz ere, atzoko lanuzteak "orain arteko arrakastatsuenak" izan direla dio Metro Bilbaoko LABek, "gutxieneko zerbitzuak kenduta, oro har, %85ek eta gidarien %95ek egin dituztelako". Biharko greba egunari begira, "halako larderia eta agintekeriazko jarrerarik" ez errepikatzeko eskatu diote garraio enpresako zuzendaritzari.
Gutxieneko zerbitzuak
Lanuzte eguna deituta dute biharko, osteguna, Metro Bilbao garraio enpresako langileek. Geldialdien bidez, zuzendaritzak "hitzartutako akordioak bete ez eta eskubide sindikalak murriztu nahi dituela" salatuko dute ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek; baita “Konfidentzialtasun akordioa” bertan behera uztea eskatu ere. Dagoeneko CCOOk mobilizazioak alde batera uztea erabaki du: sindikatu horrek enpresaren proposamena onartu du. Gainontzeko langile erakundeek goizeko 5:45etik 8:45era arte egingo dute lanuztea bihar. Bitartean, Metro Bilbaoko arduradunek zerbitzu minimoak iragarri dituzte: hamar konboietatik lau aterako dira gutxienez, ohiko zerbitzuaren %40a. Horrenbestez, San Inazio eta Arizen artean 6-7 minuturo ibiliko dira trenak. Bidezabal eta Santurtzira, berriz, 14-15 minuturo. Plentziara heltzea are okerrago egongo da.