Areetako Txurruka moilak XX. mendeko urte alaien giroa ekarriko du gogora. Jarduerei dagokienez, besteak beste, Joko Klasikoaren Jaialdia hartuko du, belozipedoen erakusketa eta A-teatral taldearen "Los 20 de los XX" antzezlanaren estreinaldia. Kirol portuan, berriz, kirolari zuzendutako eremua izango da. Aurtengo edizioan surfa izango da ardatz nagusia. Hala ere, urpekaritza eta bela bezalako modalitateak ez dira faltako. Gainera, 12 metro koadroko pantaila erraldoian emanaldiak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, Axis Munain eta Kepa Acero surflarien eskutik. Horrez gain, Smile taldearen kontzertua, Itsaspeko Astea eta Getxo Aquariumaren ateak zabalik jardunaldia eskainiko dituzte. Azken hori hilaren 24ean izango da. Azkenik, Portu Zaharrean jolas eta jai ekitaldiak egingo dituzte, tokiko tradizioetan eta marinel giroan sustraituak: masta-muturreko munduko txapelketa, "Los Guaitos"-i eskainitako omenaldi kontzertua eta, hilaren 26an, Gorpuzti eguneko giro berezia, abesbatzen kontzertuekin eta sardina janarekin.
Iaz 40.000 lagunek bisitatu zuten Getxo Sea Week ekimenaren lehenengo edizioa eta aurten bisitari kopuru hori gainditzea espero dute udal arduradunek. “Getxora etor daitezela, eta bertoko paisaiaz, bertoko gastronomiaz, bertoko merkataritzaz, bertoko kirolaz eta bertoko bizilagunez goza dezatela”, adierazi du Landak.