Javier Vargas bluesman madrildarraren eskutik abiatuko da bihar, ostirala,
Getxoko 23. Nazioarteko Blues Jaialdia. Aurtengo egitarauak estilo anitzeko artista eta taldeak bilduko ditu, esaterako, Otis Taylor, Corey Harris, Javier Vargas Blues Band, Devon Allman eta Charmaine eta Charles Neville. Horiek guztiek Algortako Biotz Alai plazan joko dute 21:00etan, igandean izan ezik, egun horretan saioa 20:00ean hasiko da eta. Baina, Biotz Alai plazako eskaintzaz gain, ikus-entzuleek doako bi kontzertuz gozatu ahalko dute, Algortako The Piper's taberna irlandarrean. Bertan, gaueko 11etatik aurrera izango dira saioak. Bihar, Los Blues Morning Singers banda getxoztarra, eskarmentu handiko talde elektroakustikoa, arituko da. Etzi, larunbata, Maraya Zydeco soinu-jole asturiarrak Louisianara eramango ditu zaleak, cajun erritmoen bidez. Argazkian, Javier Vargas / ©
Getxoko Kultur Etxea.