Bere esanetan, hori hala izan da fase orokorrean zein eztabaida sortu duen Kimikako fase espezifikoan ere. Orain egun batzuk hartutako erabakiarekin (ariketa horren balorazio bikoitza egitea eta, kasu bakoitzean, ikaslearentzako onuragarriena zena aukeratzea) "kolektibo osoaren eskubideak" bermatu nahi izan ziren, eta "azken emaitzek hori berretsi dute", haren ustez. Gogoratu, proba hauek bi zati dituztela: fase orokorra, unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko gainditu behar dena, eta fase espezifikoa, borondatezkoa, fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena. Campuska, Araban aurkeztutako 1.135 ikasleetatik 1.081ek gainditu dute fase orokorra, hau da, %95,24k; Bizkaian aurkeztu ziren 4.216 ikasleetatik 4.007k aprobatu dute, hau da, %95,04ek, eta Gipuzkoan, 3.062 aurkeztu eta 2.985ek gainditu dute, hots, %97,49k.
Erreklamazioak
Behin-behineko notak ikasleak matrikulatu direneko ikastetxeetako ordezkariei eman zaizkie gaur, ekainaren 16an, eta EHUren webgunearen bidez (http://www.sarrera.ehu.es) ere ikusi ahal dira. Behin betiko notak uztailaren 2an argitaratuko dira, ekainaren 17tik 21era arteko erreklamazioa egiteko eta bigarren zuzenketak eskatzeko epea bukatu ondoren. Bestalde, hautaproben ezohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an izango da.