Zabalik dago Kameratoian izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 16a, 20:45

Azken sei urteotan bezala, Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Aurten, gainera, Lemoiz, Sopela eta Urdulizko udalekin eta Uribe Kostako Mankomunitatearekin batera. Gazte euskaldunek uztailaren 9an izango dute lehen hitzordua, Urdulizko kultur etxean, beraien lanak egiteko gaia eta islatu beharreko irudien zerrenda denek batera jasotzeko. Hortik hasita, bost eguneko epea izango dute bideoak pentsatu, egin eta aurkezteko. Beranduenez ere, hilaren 14an aurkeztu beharko dituzte, eta orduan hasiko da epaimahaiaren lana. Aurreko edizioetan bezala, epaileek hiru sari emango dituzte, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak. Behin epaimahaiak erabakia hartuta, lehiakideek bigarren hitzordu bat izango dute, hilaren 23an Sopelako kultur etxean. Bertan, sortutako pelikula guztiak ikusteko aukera egongo da eta irabazleen izenak ere jakinaraziko dituzte. Argazkian, gazte bat grabazio lanetan iazko Kameratoian / cc-by-nc-sa Topagunea.

Lehiaketaren helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da. Horretarako, bost eguneko epea izango dute neska-mutilek, ikus-entzunezko lan baten gidoia idatzi, irudiak grabatu, edizio lanak burutu eta jendaurrean aurkezteko; beti ere antolakuntzak jarritako gai bati eta ezaugarri batzuei jarraiki. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak ondokoak izango dira: gazte euskalduna izatea, lanak euskaraz aurkeztu behar dira; bideoa ekoizteko kamera, ordenagailua eta beharrezko tresneria izatea; eta ekainaren 24a baino lehen izena ematea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun