Ekainaren 13tik 16ra bitarterako greba deituta zeukaten
Remolcadores Ibaizabal SA enpresako langileek, tokiko arduradunek laneko sistema aldatzearen erabakia hartu izana salatzeko. Halabaina, gutxieneko zerbitzuak zehaztu behar zituen Bilboko Portu Agintaritza "grebarako eskubidea ezerezean utzi" duelakoan dira beharginak. LAB sindikatuak adierazi duenez, "itsasadarrera heltzen diren ontzietatik gutxieneko zerbitzuetan sartzen direnak zeintzuk diren zehaztu beharrean, bost atoiontzietatik bi jarri dituzte lanean, horiek guztiak mugitzeko. Berdin izan zaie ontziak txatarra zekarren, hutsik zegoen edota gai arriskutsuak zekartzan. Grebalariak deitu dituzte zerbitzu horiek guztiak egiteko". Gauzak horrela, Lan Ikuskaritzan aurkeztu dute salaketa, langileen greba eskubidea urratu egin dutelakoan. Argazkian, Ibaizabalgo atoiontziak Portugalete parean.