Bost hilabetetan 3.600 lagun igaro dira Berango Antzokitik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 17a, 14:15

Ikusleria erakartzeko orduan tokiko elkarteek daukaten arrakasta agerian utzi dute Berango Antzokiko ekitaldiek, udal iturriek adierazi dutenez. 2010eko abenduaren 23an zabaldu zuten azpiegitura berria eta, emandako datuen arabera, 1.100 lagun igaro ziren lehenengo 30 egunetan. Gabonetako jarduerek, batez ere haurrentzakoek, lortu zuten horrenbeste jende hurbiltzea. Maiatzera arte, orotara, 3.600 lagun inguru igaro dira. ACADAE Arte Eszenikoen Lagunen Kultur Elkartearen emanaldiak aretoa bete zuen; baita Impromptu taldea eta Berangoko Musika Eskolarena ere. Horrekin batera, nabarmentzekoak dira saioen bukaeran tokiko elkarteek jasotako txalo zaparrada. "Bikaina izan da herritarren erantzuna. Horrek argi adierazten du Berango Antzokia udalerriko kultur taldeentzako erakusleiho paregabea dela", adierazi dute udal arduradunek. Argazkian, Berango Antzokiak hartutako ballet ikuskizuna / © Berangoko Albisteak.

Otsailean izan ziren zortzi antzerki saioetara 687 pertsona joan ziren. ACADAEk antzeztuta eta Fernando Ansoleagak zuzenduta, Carlos Arniches dramaturgoaren "La venganza de doña Petra" obrak lortu zuen ikusle gehien erakartzea. Konparazioa eginez, familia osorako antzezlan batek 110 lagun batu zituen martxoan Berango Antzokian; ACADAErenak, berriz, 200 herritar. Maiatzean, berriz, ia heldu ziren lehenengo hilabeteko ikusle kopurura: mila lagun baino gehiago izan ziren programatutako hamaika jardueretan. "Oraingo honetan, txikien erantzun bikaina kontuan hartu behar da, pailazo zein magia ekitaldietan. Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoek eta Txan magoaren "Txantxetan" showak aretoa betetzea lortu zuten", nabarmendu du Berangoko Udalak.

Urtarrila hilabeterik jendetsuena

Urtarriletik maiatzera 3.600 lagun inguru igaro dira. Lehenengoa izan zen hilabeterik jendetsuena, 1.100 ikusle baino gehiagorekin; maiatza aurretik, 1.007 pertsona izan zirela. Apirilean gerturatu zen lagun gutxien: 374. Ikuskizun eta zinema saioen artean, zortzi ekitaldi baino ez ziren egon aipatu hilabetean. Maiatzera bitartean, ACADAEren ekitaldiek, Impromptu taldearen eta Berangoko Musika Eskolaren emanaldiak, eta magia zein pailazoen ikuskizunek bete dute aretoa.

Udan itxita

Berango Antzokiko jarduerek etenaldia izango dute uztailean, irailaren bigarren hamabostaldian agenda berriari ekiteko. Besteak beste, haurrentzako filmak, zinema komertziala, musika entzunaldiak, dantza eta antzerkia izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun