Iñaki Goirizelaia EHUren errektoreak baztertu du selektibitateko Kimika azterketa errepikatzea, bere ustez, "bidegabekeria berri bat" litzatekeelako. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, unibertsitateko arduradun nagusiak Kimika etsamina euskaratzerakoan egondako akatsa onartu du. Hala ere, esan duenez, proba izan zen bitartean ikasle "gehienei" akats bat zegoela esan zieten. Eitb.com agerkari digitalak zabaldutakoaren arabera, Goirizelaiak ukatu egin du azterketaren edukia ikasturtean klasean izandakoarekin bat ez datorrenik. Horren ildotik, EHUk "Kimikan eskarmentu handiko hainbat irakasleri galdetu die eta euren txostenak argiak izan dira: edukia bat dator", aipatu duenez. Gainera, errektoreak baztertu egin du "erantzukizuna" eskatzea, hori bai, onartu du gertatutakoa aztertu beharko dutela eta mota horretako azterketetako prozesuak hobetzeko "neurriak hartu" beharko dituztela. Argazkian, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!