Azken urteotan, Otis Taylor (1949, Chicago) ospe handia lortu du blues munduan. Bere musikak, afroamerikar sustrai sakonetan oinarrituta, Mississippiko Deltaren bluesean du ardatz nagusia, jazzaren eraginarekin. Bere abestien hitzak konprometituak dira eta arrazismoaz, pobreziaz eta erredentzioaz mintzatzen dira, besteak beste. Horiez eta gitarraren riff-ez baliatuta, Taylorrek sentsibilitate handiarekin hornitzen du bere lana. Oso gaztea zela hasi zen Taylorren musika jarduera. Bere haurtzaroan banjoa jotzen ikasi zuen eta, ondoren, tresna hori baztertu zuen aho-soinua eta gitarran aritzeko. Handik gutxira, jarduera profesionala hasi zuen zenbait talderekin Estatu Batuetan zein Europan, 1977 urtera arte. Garai horretan musikaren mundutik aldendu zen antigoaleko-merkatari bilakatzeko.
1995ean, ia bi hamarkadako etenaldiaren ondoren, Taylor berriro ere agertu zen agertokietan eta, ordutik hona, 12 bat lan arrakastatsu grabatu ditu. Horien artean "When Negroes Walked the Herat", "Respect The Dead" eta "White African" aipatu behar dira. Halaber, abestiak idatzi eta grabatu ditu zenbait pelikuletarako, Gary Moore artista ospetsuarekin eginiko elkarlana ahaztu barik.
Corey Harris-i (1969, Denver) dagokionez, zaila da bere estiloa definitzen, musikari horrek bluesa, rythm&bluesa, reggaea, folka eta Afrikako doinuak uztartzen baititu eta sarritan folk bluesera eta tradiziozko erritmoetara hurbiltzen da. Doinuak nahasteko duen erraztasunari eta biziki gustuko duen musika-ikerkuntzari esker, Henry Butler edo Ali Farka gitarrista afrikar ospetsuarekin jardun da elkarlanean. Gainera, bluesaren historiaren inguruko zenbait dokumentaletan parte hartu du, esaterako, Martin Scorsese zinemagile handiak zuzendutako "The Blues" sailean.
Egungo bluesmanen artean nabarmendu da Harris azken urteotan eta kritikariek zein publikoaren babesa du. "Between Midnight and Day", "Fish Ain't Bitin'", "Greens From the Garden" ospetsua, "Downhome Sophisticate" eta "Mississippi to Mali" ditu lanik ezagunenak.