Orain arte, honako hondartza hauek lortu dituzte kalitateari buruzko ISO-9001 eta ingurumenari buruzko ISO-14001 egiaztagiriak: Isuntza, Ogella, Arrietara-Atxabiribil (Sopela), La Arena, Bakio, Laida, Laga, Karraspio, Plentzia, Arrigorri, Ereaga (Algorta), Arrigunaga (Getxo) eta Aritzatxu. Gainera, Bakioko hondartzak EMAS Europako ingurumen egiaztagiria ere lortu du. Aurtengo kanpainarako, berriz, Ingurumena eta Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezarri da Ereagan eta Arrigunagan, bi hondartza horiek ISO-14001 eta ISO-9001 egiaztagiriak jasotzeko aukera izan dezaten, ingurumenekoa eta kalitateari buruzkoa, hurrenez hurren.
Informazio protokoloa
Bizkaiko Foru Aldundiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak jakinarazi eta gorabeherari buruzko oinarrizko datuak bilduta, SOS-Deiak zerbitzuak kutsadurari aurre egiteko behar den antolamendu zehatza abiarazten du. Hainbat erakundek parte hartzen dute: Ertzaintzak, Helikopteroen Unitateak, Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak, Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoa.
SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak dei bat egiten dio Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren Esku Hartzeko Zerbitzuan guardian dagoen teknikariari, eta gorabeheraren berri ematen dio, abian jarri dituzten baliabideak aipatuz. Esku-hartzeetako teknikariak berretsi egin behar ditu horiek guztiak, eta gorabehera gertatu den lekura doala adierazi.
Beste alde batetik, Ertzaintzaren Agintaritza eta Kontrol Mandoak (Ardatz) SOS-Deiak zerbitzuari jakinarazten dio ezen leku hartan dagoen patruila batek berretsi egin duela Ereagako hondartzako Salbamendu eta Sorospen Postuak hasieran emaniko informazioa.
Handik berehala, aginte postu aurreratua ezartzen da, Ereagako hondartzako salbamendu eta sorospen postuan: Ertzaintza, Getxoko Udala, Aldundiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua, Hondartzak Garbitzeko Zerbitzu Forala eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren arduraduna.
Gorabehera, kontrolpean
Goraxeago aipatu diren baliabideak mobilizatuta, gorabehera kontrolatzeko lanei ekingo diete:
• Ertzaintzaren Helikopteroen Unitatea laster batean bertaratzen da, orbanaren eragina begiztatzeko: ea noraino hedatzen den hondartza eta itsasoan, eta ea nondik datorren.
• Bizkaiko Foru Aldundiak, Salbamendu eta Sorospen antolamenduaren bitartez, Ereagako hondartzako badia berrikusten du, bai eta balizak ere.
• Getxoko Udalaren baliabideak, laguntza emateko eta kontrol-lanetarako.
Isurketa kutsatzailea kokatu ondoren, sorosleek balizak jarriko dituzte hondartzaren alde horretan. Osasun Publikoko teknikari batzuk bertaratuko dira, isurketak hondartzan diren erabiltzaileei kalterik eragin dien ala ez ebaluatzeko.
Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Hondartza Zerbitzuak mobilizaturiko garbikuntza zerbitzuek isurketa kutsatzailea kontrolatzen dute, eta kaltea jasan duen gunea garbitu eta tratatzen.