Ostiral honetan, hilak 24, "Hondartza bizi!" programa jarriko du martxan Getxoko Udaleko Turismo Bulegoak, Algortako Ereaga hondartzan. Aipatu ekimena irailaren 4ra arte egongo da indarrean. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta, aurrekoetan lortutako arrakasta ikusita, ondoko berrikuntzak eskainiko dituzte: arratsaldeko ordutegiaren luzapena; ludotekan itzalpeko gunea handitzea; egunero, gutxienez, puzgarri bat jartzea; petanka gunea eta bi igel jartzea; eta ur jolas gehiago eskainiko dituzte. Astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era, txikiek zein nagusiek estalperik gabeko esparruetan programatutako hainbat ekitaldietan parte hartu ahal izango dute. Horietan bi begirale egongo dira, euskaraz zein espainolez jardungo dutenak. Eskainiko dituzten ekimenen artean honakoak aurkituko dira: ludotekak, puzgarriak, boleibola, badminton, hondartzako futbola eta petanka zelaiak. Bestalde, palak eta kirol materiala maileguan emango dituzte; baita, ordutegiaren arabera, jarduera eskaintza zabala ere, tartean, herri kirolak eta tailerrak. Argazkian, hainbat pertsona "Hondartza bizi!" programaz gozatzen / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!