Udalak koordinatutako "kontrol eta zelatatze dispositibo bereziak", besteak beste, Arrigunaga hondartzako gunean, hurbileko urbanizazioetan eta metro geltoki inguruetan ezarriko dira. Horietan, sartzeko kontrolak ipiniko dituzte, bai sarreran, bai irteeran. Era berean, gauetik aurrera ibilgailuen zirkulazioa etengo da Altube kalean eta Arrigunagarako jaitsieran; eta bertokoak ez direnei ez diete pasatzen utziko. Ikerketa Unitateko agenteek establezimenduetan alkoholaren salmenta, hondartza bera eta gazteak elkartzen direneko ohiko tokiak zelatatuko dituzte. Zeregin horretan Ertzaintzaren laguntza edukiko dute, udal arduradunek baieztatu dutenez. 18 urtetik beherakoei edari alkoholikoak aurkitzekotan, horiek atzeman eta beraien arduradunei deituko diete poliziek. Bestalde, arratsaldean ertzainak zein udaltzainak ibiliko dira baimenik gabeko suen bila, horiek desagerrarazteko. Gainera, Udaltzaingoak gogoratu du hondartzara balio handiko gauzak ez eramateko egokitasuna eta eramatekotan kontrolpean edukitzeko denbora osoan.
Babes Zibila
Getxoko Udalaren Babes Zibileko Sailak ere areagotuko ditu neurriak; suak guztiz amatatzeko helburuarekin, baita osasun arreta emateko ere. Bidezabalgo osasun zentrotik hurbil arreta postua jarriko dute, sendagilerekin, ATSekin, soroslerekin eta gidarirekin eta bertatik, behar izatekotan, aterako dira anbulantziak.
Ezohiko garbiketa
Hondartza sarreratik gertu komun mugikorrak jartzeaz gain, Getxoko Ingurumen Sailak ezohiko garbiketa egingo du Arrigunaga hondartzan eta inguruko kaleetan. Ekainaren 24an, goizeko 6etan hasiko dira eremua garbitzen eta, horregatik, hondartza arratsaldeko lehenengo orduetara arte itxita egongo da publikoarentzat. Garbiketa berezi hori egin arren, udal iturriek ohartarazi dute jaiaren ondorengo egunetan, oraindik ere, lurperatuta geratutako edo itsasoak ekarritako hondarrak agertu ahal izango direla.