Etzi, ostiralarekin, Balkoitik Balkoira bertso ikuskizunaren 13. edizioa burutuko dute Algortako Portu Zaharrean.
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, oraingo honetan, Angel Mari Peñagarikano eta Julio Soto arituko dira eta, ohi bezala, ekitaldia Etxetxu plazan izango da, 22:00etan. Balkoitik Balkoira bertso modalitate ikusgarrian, parte hartzen duten bi bertsolariek balkoi banatik botatzen dituzte euren bertsoak, 1802an Tolosan hasi zen tradizioa berpizteko asmoz. Oraingo honetan, ekitaldi honen hamahirugarren edizioa izango da Algortan, 1998an San Nikolas plazan lehenengo aldiz ospatu zenetik, publikoaren erantzuna apartekoa izan zelarik. Ohi bezala, bertso modalitate mota hau oso berezia denez, saioa iluntzean hasiko da. Ekitaldiaren erakargarritasuna indartzeko argiztapen berezia jarriko da Algortako Portu Zaharrean. Bertan, ikus-entzuleek bi bertsolarien bertso libreez gozatu ahal izango dute. Argazkian, Xabier Amuriza bertsolaria aurreko edizioetako batean / © Getxoko Kultur Etxea.