Greba batzordeak deituta,
Metro Bilbao garraio enpresako ehun langile baino gehiago elkartu dira gaur goizean Bilboko Plaza Zirkularrean. Bertan, 20 minutu luzez oihukatu dituzte zuzendaritzaren kontrako eta langileen eskubideen aldeko leloak eta orriak banatu dizkiote kaletik zebilen jendeari,
LAB sindikatuak azaldu duenez. Ondoren, Abandoko geltokira jaitsi dituzte aldarriak. Langile erakunde abertzalearen arabera, lasai, baketsu ibili dira metroko beharginak Abandoko nasetan eta sarbideetan, "Adierazpen askatasuna" (konfidentzialtasunaren kontuarengatik), "Lan eta sindikatu eskubideen alde" eta "Lanpostu murrizketarik ez" irakur zitekeen kartelak zeramatzatela. Trena hartu eta San Inaziora joan dira gero, mobilizazioarekin aurrera, Pertsonen Koordinazio eta Operazioetako nagusien bulegoen aurrean protestatzera: ekainaren 14ko lanuzteetan lau gidari "derrigortu eta mehatxatu" zituztela salatu zuen LABek. San Inazioko nasetan 15 minutuz edo ibili dira "Zuzendari gutxiago, langile gehiago" eta "Prego kanpora" oihukatzen eta hor amaitu da biharko aurreikusita dagoen lanuztean (5:45 eta 8:45 artean) parte hartzera deituz. Bitartean, Metro Bilbaoko arduradunek
gutxieneko zerbitzuak iragarri dituzte. Argazkian, metroko langileak San Inazioko geltokian / © LAB Metro Bilbao.