Larunbat honetan, ekainak 25, Gau Ibilaldiaren bigarren edizioa egingo dute Gorlizen. Lehiakortasunik gabeko jarduera da. "Gure ustez, mendiaren filosofiak ez ditu lasterkariak onartzen, lagunak baizik", azaldu du
Gorlizko Mendizale Elkarteak. Gainera, aurtengo ibilaldia jende gehiagori irekita egoteko bi ibilbide prestatu dituzte: bata 22 kilometrotakoa eta bestea 11 kilometrotakoa. Parte hartzaileak Gorliz eta inguruetako herrietatik igaroko dira eta bukaera tokiko hondartzan izango dute. Ibilaldi luzea lau ordutan gutxi gora behera egitea aurreikusi dute antolatzaileek, eta ibilaldi txikia bi ordu eta erdiren bueltan. Hasiera Iberrebarri plazan izango da eta kotxez hurbilduko diren parte hartzaileei autoak hareatzako aparkalekuan uztea gomendatu dute, ibilaldia hondartzan bertan bukatzen baita. Bukatzerakoan txokolate beroa hartzeko aukera izango dute guztiek. Argazkian, hainbat parte hartzaile helmugara heltzen iazko edizioan / © Gorlizko Mendizale Elkartea.