Lehenengo diskoa kaleratu dute Chalwa Band & King Konsul uribekostarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 24a, 21:01

Urdulizen sortu eta Uribe Kostara hedatu den Chalwa Band & King Konsul musika taldeak "Bass Country" izeneko diskoa argitaratu berri du. Bi urteko ahaleginen emaitza den lan horretan, reggae, rocksteady, ska eta dub doinuak jorratzen dituzten hamar kanta bildu dituzte, tartean Mikel Laboaren omenez egindako "Haika mutil" kantaren bertsioa. Bitartean, Jamaikako zein 1970 eta 1980 bitarteko Ingalaterrako soinuak topa daitezke bertan. Diskoa A Lone Muzik Studio-n grabatu eta nahastu dute, Roberto Sanchez-i esker. Masterra, ordea, Euridia Studio-ko Ibon Larruzeak egin du. Ondoren, autoekoiztu eta salgai jarri dute, 7 eurotan, Urdulizko honako lekuetan: Basartena eta Txiberri tabernak, Nafarroa kaleko gozoki denda eta Ziripot. Dena den, diskoa taldearen webgunean ere eskura daiteke. Bertan, creative commons cc-by-nc-sa lizentzia askearen pean lau abesti paratu dituzte entzun zein jaisteko moduan. Argazkian, Chalwa Band & King Konsulen musikariak / © Chalwa Band & King Konsul.

Chalwa Band 2006an sortu zen Urdulizen eta hiru urte beranduago King Konsul abeslaria batu zitzaien. Egun, hamar musikarik osatzen dute taldea: baxua, teklatuak, gitarra 'skanking', gitarra melodikoa / apaindurak, bateria, perkusioa, saxofoi altua, saxofoi tenorra eta tronboia. Argibide gehiagorako, Tas-Tas irratiko "Kaleko Bentanien" saioan Jokin Gezuraga taldeko teklatu joleari herenegun egindako elkarrizketa entzun daiteke (mp3).

"Afreeka" abestiaren bideoklipa (cc-by Chalwa Band & King Konsul)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun