Talde feministen arabera, "emakumeon kontrako indarkeriak ez du etenik". Bilgune Feministaren ustez, "berdintasunaren bidean aurrerapausoak eman diren garai hauetan, badaude jendartea hainbeste aldatu ez dela erakusten diguten eta irauten duten arazoak. Asko eta asko dira emakumeok pairatzen ditugun bazterketa eta indarkeria egoerak, batzuk sutilagoak beste batzuk begi-bistakoak, baina denak patriarkatuaren ondoriozkoak, gaurkoan tristeziaz eta amorruz salatzera goazen Joneren heriotza bezala".
Eragile honek sostengatzen duenez, Jonerena ezin da kasu isolatu gisa hartu eta errotiko erantzuna ematea eskatu diete eragile guztiei: "patriarkatua elikatzen duten instituzio, egoera, talde zein norbanakoei eraldaketarako apustua egin dezaten eskatzen diegu; baita ere, aldatzeko asmoa dugunon konpromisoa, jendarte askea eta justuagoa eraiki nahi badugu patriarkatua suntsitu behar dugulako!".
Horregatik, "promesa eta inoiz heltzen ez diren aldaketekin" jada "nazkatuta" daudela adierazi eta autodefentsarako deia egin dute. "Mugimendu feministatik apustu berezi bat egiten dugu autodefentsa feministaren alde, biktimismoa eta datu eskabrosoen gainetik, emakumeok bortizkeriaren kontra egin behar dugulakoan baikaude, gure egunerokotasunean autodefentsa feminista errealitate bat bihurtuz", Bilgune Feministak azaldu duenez.