Astearte honetan, ekainak 28, hasiko dira San Pedro jaiak Sopelan; eta igandera arte luzatuko dira. Aurtengo pregoia
Aitxu! euskara taldeak irakurriko du. Hori dela eta, taldekoek erronkari heldu diote eta ilusioz lanketa berezia egiten ari dira,
Sopela.net agerkari digitalak aurreratu duenez. Pregoiaren irakurketa 20:30etan izango da. Udaletxeko balkoitik sopeloztarrei euskara eta jaia uztartzeko deia egingo diete. Baina jaietatik harago, Aitxukideek eguneroko bizitza euskaraz egiteko gonbidapena luzatuko dute. Mezua ez da Aitxukoek banatuko duten gauza bakarra. Egun berezi horretarako zapi alaia prestatu dute eta plazan bildutakoen artean banatuko dute. Gainera, abesti ezagun baten letra banatuko dute eta txupina bota eta gero, guztiek batera kantatzeko gonbidapena luzatuko dute. Argazkian, Aitxu! euskara elkarteko kideetako batzuk pregoi egunerako udaletxeko balkoian eskegitzeko prestatu duten zapi erraldoia eusten / © Sopela.net.