Udal Gobernua pasa den legegintzaldian abiatutako "udalerriaren modernizazio prozesuarekin" jarraituko du. Landaren hitzetan, “gure ekipamenduen eta kultur, giza, kirol eta ekonomi arloko ekimenen berritzeari emango zaion behin betiko bultzakada izango da”. Zentzu horretan, alkateak aurreratu zuen legegintzaldian zehar ahalegin berezia egingo dela makro eta mikrogestioaren arteko ezinbesteko oreka indartzeko, “udalerriko proiektu estrategikoen –hala nola, Getxo Antzokia, Romo Kultur Etxea, metroaren lurperatzea eta Gobelaren proiektua- beharrezko garapenaren eta gure auzokideen egunez eguneko hobetzearen arteko oreka indartzeko, alegia”. Eta hori guztia, Landaren esanetan, baliabide publikoen kudeaketa zorrotz eta arduratsuaren ikuspegitik egingo da, "herritarrak erabaki-eremuetara inguratzea helburu duten parte-hartze ekimen eta formulak indartzearekin batera".
Alkateak aipatu zuen legegintzaldi berria hasten dela, non “gainontzeko alderdi politiko zein herriko eragileekin elkarrizketa eta adostasuna proiektua bultzatzeko tresna nagusiak izango diren, Alkate hau buru izango duen udal gobernu honen lidergo sendo eta konprometitua behar izango baditu ere”. Lidergo hori, esan zuen, "getxotarrek beraiek hautestontzietan" eman dizkieten "ilusio eta indarrarekin" hartuko duela.
Gobernu talde berria
Udal Gobernu-talde berriaren buru Imanol Landa izango da eta honako zinegotzi hauek osatuko dute:
Keltse Eiguren izango da lehen alkateordea, eta Udaleko zerbitzu orokorrez gain, Presidentetza Arlotik, aukera berdintasuna, jasangarritasuna eta ingurumena eta udaltzaingoaren ardura hartuko ditu. Koldo Iturbe izango da bigarren alkateordea. Horretaz gain, Kultura, Euskara eta Gazteria sailetako zinegotzia eta Getxoko Kultur Etxearen presidentea izango da. Azkenik, EAJren udal taldearen bozeramaile lanak egingo ditu. Hirugarren alkateordearen ardura Joseba Arregiri egokitu zaio; eta aldi berean, Hirigintza, Herrilan eta Zerbitzuak, Etxebizitza eta Ondarea Arloko burua izango da. Laugarren Alkateordea, eta taldeko bi aurpegi berrietako lehena, Ana Helguera da eta horrek Ogasun, Giza Baliabide eta Ekonomia-Sustapen Arloko ardura hartuko du.
Bigarren aurpegi berria Itziar Epalza da eta hori Ogasun eta Ekonomia Sustapenerako Arlora atxikitako Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zerbitzuren zinegotzi arduraduna izango da. Beste emakume bat, Elena Coria, izango da beste lau urtez udal Gizarte Zerbitzuetako arduraduna. Alvaro Gonzalezek jarraituko du Kiroletako zinegotzia, Getxo Kirolak erakundeko presidentea eta Kontratazio Zerbitzuko arduraduna izaten. Kepa Miñambresek bereganatuko du Kalitate Zerbitzua eta Informazio Sistemak, Hezkuntza eta Garapenerako Lankidetza zerbitzua, Jesusen Bihotza udal zahar-etxearen presidentetzaz gain. Eta, azkenik, Josu Loroño izango da Komunikazioa, Hiritarren Arreta eta Babes Zibila Arloaren zinegotzia, baita Andres Isasi Musika Eskolako presidentea ere.