Aki Takese pianistak abiatuko du bihar Getxoko Jazzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 30a, 16:04

Ostiral honetan, uztailak 1, Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren eskutik abiatuko dira jazz doinuak EAEn. XXXV. Jazzaldian artista handiz eta talde gaztez beteriko programaz gozatu ahal izango dute musikazaleek. Lehenengo egunean Aki Takase (Algortako Biotz Alai plaza, 22:00etan) piano-jotzailea eta bere taldea, New Blues Project, izango dira protagonista nagusiak. Horrezaz gain, Ornetillos laukoteak jardungo du Talde Lehiaketan (Biotz Alai plaza, 21:00etan) eta Quartetto Minimo Hirugarren Milurtekoa sailean (Telletxe plaza, 19:00etan). Hamahirugarren urtez jarraian, aurten ere, Getxoko Jazzaldian jam session-ak egingo dira, Algortako The Piper's taberna irlandarrean, Biotz Alai plazako kontzertuak bukatutakoan. Argazkian, Aki Takese / © Getxoko Kultur Etxea.

Estilo anitzeko artistak izango dira protagonista aurtengo emanaldi nagusietan (Biotz Alai plaza, 22:00etan). Jaialdiko lehenengo egunean, Aki Takase pianista japoniar beteranoa eta bere taldea, New Blues Project, arituko dira, eta jazz soinu espektro guztia hartuko duen musika eskainiko dute, egitura klasikoenetatik erabateko abstrakziora. Bigarren egunean, Getxo Jazzek Lee Ritenour hartuko du, egungo musika eszenaren jazz-fusion gitarra-jotzaile entzutetsuenetako bat, Grammy sarietarako 17 izendapen bildu dituena. Kaliforniako artista horrek ibilbide profesionalari ekin zion, besteak beste, Sergio Mendesen Brasil 77 talde famatuan. Hasieran, Wes Montgomery, Joe Pass eta Barney Kessel musikarien eragina jaso bazuen ere, Ritenourrek bere musika beste soinuekin nahastearen alde egin duen bereziki, hala nola, brasildar musikaren soinuekin.

Dave Hollanden boskotea hartuko dio Ritenourri lekukoa igandean. Musikagile eta kontrabaxu-jotzaile ingelesa abangoardiako estiloan gailendu da, hainbat artistekin jardun du, eta haiekin diskoak grabatu ditu, hala nola, Stan Getz, Chick Corea, John Abercrombie eta Jack de DeJohnette musikariekin. Diskografia zabala du, eta lan hauek dira txalotuenak, besteak beste: "Conference of The Birds", "Life Cycle", "Jumpin' In", "Seeds of Time" eta "The Razor's Edge". Zerrenda hori iaz luzatu zuen, "Hands" lana kaleratu baitzuen, Pepe Habichuela flamenko gitarra-jotzailearekin elkarlanean.

Jazz latinoa

Jazz latinoa izango da jaun eta jabe hurrengo egunean Getxon, Chucho Valdes pianistaren eta The Afro Cuban Messengers taldearen eskutik. Munduko pianistarik onenetarikoa da musikaria, eta Kubako jazz artistarik garrantzitsuenetakoa ere bada. Aitak, Bebo Valdes handiak, murgildu zuen musikaren munduan, oso gazte zela. Ordutik, proiektu handitan parte hartu du, hala nola, Habanako Musika-Antzokiaren orkestran, Musika Modernoaren Orkestra Kubatarrean eta Irakere taldean; lan horiek guztiek musika latinoaren eta afrokubatarraren goi-mailara igo dute.

Branford Marsalis musikariak amaiera bikaina emango dio jaialdiari, saxo-jotzaile handienetakoa baitugu, izan saxo tenorra, sopranoa edo altua. Musikari iparramerikarrak 80ko hamarkadan ekin zion jarduera profesionalari, eta Art Blakeyren Jazz Messengers taldean eman zuen bere burua ezagutzera. Ondoren, bere anaiaren taldean aritu zen, 1982tik 1985era, eta gero, bakarkako ibilbideari ekin zion, hori bai, Sonny Rollins eta Miles Davis gisako artista handiekin lankidetza alde batera utzi gabe.

Aukera gehiago

Biotz Alai plazan, betiere, Talde Lehiaketaren azken fasera heldu diren lau banda gazteen proposamenekin gozatu ahalko da, 21:00etatik aurrera, eta zalantzarik ez izan Europako gazteen abilidadeak agerian utziko dituztela. Aurtengo egitaraua biribiltzeko, aukera gehiago badaude: Hirugarren Milurtekoa atalaren emanaldiak, non kontzertuetan gaztetasuna eta freskotasuna nagusi izango diren. Gainera, bost gauetan zehar, jazz zaleek jam session bikainez gozatzeko aukera izango dute, The Piper's taberna irlandarrean. Saioetan Jon Urrutia Band ariko da, eta, horri, egunero artista berriak gehituko zaizkio –batzuk, jaialdiko parte-hartzaileak-. Marmara Marching Band taldea jardungo da Getxoko kaleak girotzeko. Azkenik, Satistegi kafean Ricardo Carrillo de Albornoz argazkilariaren erakusketa egongo da ikusgai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun