"Getxoberpiztu!" proiektuak irabazi du aurtengo Wanted ideia lehiaketa, hau da, Getxoko Gazteria Zerbitzuak bultzatutako 18 eta 30 urte arteko neska-mutilen egitasmoak sustatzeko ekimena. Aipatu lanak erabiltzen ez diren udalerriko esparruak aisialdirako gune bihurtu nahi ditu: ortu ekologikoak; saskibaloi, aterpeko futbol zein ping-pongeko pistak; elkartzeko tokiak; graffiti ikastaro eta lehiaketa guneak; eta abar. Horretarako, lehenik eta behin, esparru horiek identifikatu beharko dituzte, ondoren horien gaineko jarduera proposamenak prestatzeko eta herritarrak parte-hartze prozesuetan sartzeko. Bigarren saria bideo-sormen tailerrarentzat izan da. Horrek bi ikastaro hartuko ditu: ikus-entzunezkoen arloan subjektibotasuna eta sentsibilitatea proiektatzekoa eta teknika auto-espresio gisa zelan erabiltzen den lantzekoa. Guztira 15.000 euro banatu dituzte saritan. 7.800 euro lehenengo proiektuarentzat eta 7.200 euro bigarrenarentzat. Horretaz gain, aholkularitza profesionalerako 10 ordu eman dizkiete neska-mutilei. Argazkian, saritutako proiektuen sustatzaileak / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!