Musikari danimarkar batek (Carl Winther) eta bi suediarrek (Joel Illerhag eta Johan Kolsut) osatzen dute Carl Winther Trio. 2006ko udan ekin zioten elkarrekin jotzeari, eta berehala ohartu ziren zerbait berria eskaintzen zutela. Indar handiko eta sormen biziko taldea osatu dute eta 2009an grabatu zuten aurreneko diskoa, "Contact", Carl Wintherek idatzitako abestiekin. Haien musikan eragina izan du hard bop estiloak, baita euren herrialdeetako paisaia soinuek ere. Hirukote garaikideen kutsua bereganatu dute, Brad Mehldau eta E.S.T. taldeena kasu, baina garrantzitsuena da haien berezko estiloa dutela, bai konposatzen bai interpretatzen.
Melquiades Quartet taldeari dagokionez, sormenarekiko eta askatasunarekiko maitasuna komunean duten lau artista elkartzearen ondorioz sortu zen proiektua da. Kultura anitzen musika tradizionaletik abiatuta sortzen du laukoteak herri-melodien errepertorioa, zuzenean interpreteen bihotzera heltzeko gai baitira, eta horien bitartez, baita entzuleen bihotzera ere. Balkanak, Portugal, Eskozia eta Argentinako erritmoak nahasten dute jazz, rock eta inprobisatutako musikarekin. Haiek sortutako konposizioak ere badituzte.