Getxoko Udalak "Zabaldu euskararen atea" izeneko kanpaina jarri du martxan bigarren urtez. Horren bitartez, arduradunek udalerriko euskararen erabilera "biziberritu" nahi dute. Beren jardueraren testuak euskaraz ipini nahi dituzten establezimenduei eta langile autonomoei erraztasun eta abantaila gehiago eskaintzeko, tokiko Udalak aipatu errotuluak egiten dituzten bederatzi enpresen zerrenda eskainiko die interesatuta daudenei eta, horrekin batera, deskontu bereziak egingo dieten beste sei enpresa ere. Horiek honako hauek dira: Kiser, Amets, Rotulos Arriluze, Toldos y Persianas Murgia, Rotulos Publiarte, Cianoplan, Uliarte Persianas, La Repro eta Kalko. Azken seiek, errotulua euskaraz jartzeagatik, %10eko deskontu gehiago egingo dute eta, elebidunez ipintzeagatik, %5 gehiago.
Euskara Zerbitzuak merkatariei errotulua jarri aurretik beraiekin harremanetan jartzea gomendatzen die, akats gramatikalik duen errotulurik ez baita diruz lagunduko. Argibide gehiago lortzeko deitu 944 660 010 telefono zenbakira. Argazkian, eskuman, Koldo Iturbe Euskara zinegotzia aurretik egindako Gidabaimena Euskaraz kanpainaren aurkezpenean / © Getxoko Udala.