Bestalde, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dute aurten ere Algortan. Talde Lehiaketa horren erakusle izan da. Aurtengo ekitaldian, Espainiako, Errumaniako, Suedia-Danimarkako eta Frantziako taldeak iritsi dira finalera. Maila handia erakutsi ondoren, Carl Winther Trio suediar-daNImarkar hirukotea nagusitu zen lehiaketan. Azken urteotan talde hori ipar-europako jazz-eszenan nabarmendu da, nahiz eta bere kideak oso gazteak izan. Bestalde, Frantziako Melquiades Quartetek bigarren saria eskuratu zuen eta horren saxo-jotzaileak, Matthieu Chedevillek, bakarlaririk onenari ematen zaion saria ere irabazi zuen.
Hirugarren Milurtekoa sailean ere eskaintza anitza izan da. Bost egunetan zehar, Algortako Telletxe plazak beste horrenbeste kontzertu hartu ditu. Horien artean, Quartetto Minimo, Evgeny Ring Quartet, Santi Colomer Quartet eta Miguel Fernandez banda gazteak aritu ziren, Manel Campen eskarmetu handiko piano-jotzailearen saioa ahaztu gabe. Matthew Simon, Horacio Fumero eta Lluis Ribalta musikariekin jardun zen eta kontzertu bikaina eskaini zuen.
Bestelako jarduerak
Ohi bezala, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, jam session saioak izan dira Algortako The Piper's taberna irlandarrean. Bertan, Jon Urrutia Band aritu da hiru egunez, jazzaldian parte hartu duten hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzen. Halaber, kaleetan ere egon da jazza Marmara Marching Band taldeari esker. Taldeak hainbat desfile egin ditu bost egunetan zehar eta Getxoko eta Bilboko kaleak alaitu ditu dixie erritmoez. Azkenik, Satistegi kafean Ricardo Carrillo de Albornoz argazkilariaren erakusketa egon da. Bertan, artista handien irudiak ikusteko aukera izan dute bisitariek.