Getxoko Bilduk liberaturiko zinegotzien kopurua eta diru-sariak murrizteko egindako proposamena ez zuen gainontzeko alderdien babesik jaso. Koalizioak %20ko murrizketak egin gura zituen, besteak beste, alkatearen soldata 63.500 euro ingurutan jarriz. PP eta PSE-EEren babesari esker, 79.377,24 euro kobratuko ditu urtean Imanol Landa jelkideak. Horrez gain, alkatetzarako hiru aholkulari lanpostu eta udal taldeentzako beste hiru lanpostu onartu ziren eta bakoitzari 53.720,94 euroko soldata gordina egokituko zaio. Idazkariei dagokienez, beste bost lanpostu onartu ziren, 27.839, 70 euroko diru-sariarekin. Orotara, EAJ, PP eta PSEk egindako akordioa dela eta, 29 liberazio onartu egin ziren, "soilik udal talde politikoen lana aurrera eramateko", Bilduren arabera. Horrek urtean ia bi milioi euroko aurrekontua ematen du, koalizioko kideen hitzetan.
Zuzenketak
Bere aldetik, Getxoko Bilduk bi zuzenketa aurkeztu zituen, "gehiegizkotzat" daukaten proposamen horren aurrean beraien jarrera defendatzeko. Atzera bota zuten Bilduren proposamenak 18 liberatu suposatzen zituen guztira, eta urtean 900.000 euro inguru aurrezpena, udal batzarrean onartu zen proposamenarekin alderatuta. Koalizioko bozeramaile Maitane Nerekanek adierazi zuenez, "udal baliabideen optimizazioa eta antolaketa eraginkorra egitearen alde egin behar dugu. Talde politikoek Udalean berez ditugun teknikari eta bestelako langileek eskainitako baliabideez baliatu behar gara gure lanerako". Izan ere, beraien ustez, udal lana egiteko baino, "alderdien mesederako" erabiltzen dira liberatutako aholkulariak.
Udal batzarrak astearte arratsaldez
Bestalde, Getxoko herritar, elkarte zein kolektiboei osoko bilkuretan eta informazio batzordeetan parte hartzea errazte aldera Bilduk horiek guztiak arratsaldez egitea proposatu zuen. Horri jarraiki, legegintzaldi honetan, udal batzarrak hile bakoitzeko azken asteartean, 17:00etan, izango dira.