Epaitzen ari dena ETAk bideraturiko jarraibidea ote den, joko horretan ez gara sartuko. Ezta ere, ETArekin edo mundu horren gainetik daudenekin partekaturiko estrategia ote den. Uste horiek denak maltzurkeriaz egindakoak dira eta iraganeko eztabaida interesatuei dagozkienak.
Berretsi egiten dugu prozesuaren gertakarien oinarrian batzarrerako eskubidearen urraketa argia azaltzen dela. Horrez gain, epaileek erabakitako auzipetu batzuen behin behineko kartzelaratzea ere salatzen dugu, jakina denean eta ezaguna denean, gaur egun erakundeetan ordezkaritza duen koalizioaren alderdikide direla.
Euzko Alderdi Jeltzalea konbentzituta dago Euskadin sasoi berria zabaltzea ezinbestekoa dela. Urte luzez zabalik egondako trintxera itxiko duen garai berria. Sasoi berri bat, non ezker abertzalea egitura politikoan eta erakundeetan protagonista izango dena. Aurrera begiratzeko garai da.
Hori dela eta, EAJk uste du beharrezkoa dela behin betirako kausa hau zarratzea eta zentzugabeko kasu politiko-juridiko honekin bukatzea.
Euzko Alderdi Jeltzalea