Bestalde, Bilduk salatu duenez, "PNV-PSE-PP blokeari esker, auzokideek ezin izango dute ezohiko udal batzarretan hitz egin, eta bakarrik ohiko udal batzarren amaieran". Egun, auzokideek ohiko osoko bilkuren amaieran bakarrik hitza har dezakete, bozketak amaitu direnean, galde-eskaeren txandan. Eta aurrerantzean hala izaten jarraituko du, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek horrela adostuta. Ohiko udal batzarretan gai-ordenaren puntu bakoitzaren ostean eta bozketak baino lehen Berangoko auzokideei hitz egiteko aukera ematea proposatu zuen Bilduk, baino hiru alderdiek proposamenari uko egin zioten. Ezohiko udal batzarren kasuan (bertan garrantzi bereziko gaiak jorratzen dira), auzokideek ezin izango dute berbarik egin. "Auzokideek bozketa guztiak baino lehen hitz egiteko eskubidea izan dezatela proposatu zuen Bilduk, baina berriro ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk euren botoak batu zituzten Bilduren proposamenaren aurka egiteko. Argi geratzen da zer den hiru alderdi hauentzat herritarren parte-hartzea", kritikatu du koalizioak.
Berangon Giza Eskubideen Batzorderik ez
Aurreko asteko osoko bilkuran Udaleko batzorde informatiboak eratu ziren. Bilduk eta Ezker Batuak egindako proposamenari esker, Parte-Hartzearen Batzordea sortu zen. Gainontzeko batzordeetan bezala, EAJkoa izango da batzorde honen presidentea. Bestalde, "berangoztar guztien eskubide guztiak bermatzeko" helburuarekin lan egingo zuen Giza Eskubideen Batzordea sortzea proposatu zuen Bilduk, eta berriro ere EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota zuten. Batzordea sortu ez den arren, Berangoko auzokide guztien giza eskubide guztiak bermatze aldera lan egiten jarraituko duela adierazi du koalizioak. Bestalde, "PNV-PP-PSE blokeak herritarren parte-hartzeari trabak jarri nahi dizkion arren, Bilduk gardentasunaren alde eta herritarrei hitza emanez lan egiten jarraituko du", adierazi dutenez.