Mungiako
Sabeco supermerkatuko zuzendaritzak langileenganako duen jarrera salatu du Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea bere gain hartzen duen Ipar Uribeko
LABek. Prentsa ohar baten bidez, sindikatuak lan zentro horretako langile baten "egoera larria" ezagutzera eman du. Emakumea, LABeko delegatua dena, "duela hiru urte lan istripua izan zuenetik, medikuz mediku eta epaitegiz epaitegi dabil, mutuak izandako kudeaketa txarra dela medio", sindikatuak zabaldu duenez. Gauzak horrela, arrandegian zuen lanpostua betetzeko bere gaitasuna erabakitzen den bitartean, langile hau birkokatzeari ezezkoa eman dio enpresak. Izan ere, LABek sei hilabete daramatza langilearen birkokapena eskatuz, "duintasunez lan egin dezan", emaitzarik lortu gabe. Horren aurrean, mobilizatzeari ekingo diote bihartik aurrera. Ostiralero, bihar hasita eta langile hori birkokatzea lortu arte, kontzentrazioa burutuko dute 12:30etik 13:30era Mungiako Simply Sabeco supermerkatuaren sarreraren aurrean. Argazkian, piketea Itzubaltzeta / Romoko Simply supermerkatuan greba orokor egun batean.