Alkatetza lortzearekin batera herritarren parte hartzea etengabe landuko duela iragarri zuen
Sopelako Bilduk. Horri jarraiki, koalizioak bigarren batzar irekia deitu du ostiral honetarako, uztailak 8. Hitzordua 19:30ean jarri dute udaletxeko plazan. Euria egitekotan, Kurtzio Kultur Etxean izango litzateke. Besteak beste, Udala osatzeko, alderdiei aurkeztu dien batzordeen eta liberazioen inguruko proposamenaren berri emango die sopeloztarrei Bilduk. Gastu horietan %37,71 aurreztu nahi du koalizioak, ondoko neurriak hartuz: alkate, alkateorde eta alkatearen albokoaren soldatak murriztea; egungo bederatzi batzordeak seitan pilatzea; udal batzar eta gobernu batzordeetako dietak kentzea; eta talde politikoen ordainketak ezabatzea. Urtero, 432.000 eurotatik 270.000 eurotara murriztuko litzateke aipatu gastuen aurrekontua, Bilduren arabera. Aipatu proposamena hilaren 18ko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Argazkian, ekainaren 3an egin zuten lehenengo batzar irekia / © Sopela.net.