Sexu erasoak salatzeko manifestazioa egingo dute bihar zortzi Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 7a, 20:31

Itzubaltzeta / Romoko hainbat emakumezkoek sexu erasoak jasan zituztela salatu zuen orain bi hilabete Itzubaltzetako Emakume Gazteon Asanbladak (IEGA). Denbora tarte honetan, herrian beste jazarpen sexista bat eman dela jakinarazi du sortu berri den Itzubaltzetako Emakumeon Asanblada (IEA) kolektibo berriak. Feministek salatu dutenez, erasoa Errekagane kalean eman zen, "emakume bat bere etxera zihoala jarraipenak jasan zituenean". Andrak ez zuen kalte fisikorik pairatu, "ezkutatu eta ihes egitea lortu baitzuen". Halere, erasotzaileak emakumezkoa oihuka iraindu zuela zabaldu dute. Horrelako eraso eta jarrerak gehiagorik eman ez daitezen aldarrikatzeko zein horiek errazten dituen patriarkatua salatzeko manifestazioa deitu dute uztailaren 15erako. Hitzordua 20:00etan jarri dute, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan. Argazkian, iazko uztailaren 11n izandako bortxaketari 350 bat auzotarrek erantzun zioten elkarretaratzea eginez.

Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladako oharra

Itzubaltzetako emakumeon asanbladako kideok zuengana zuzentzen gara gure auzoan eman den beste eraso sexista baten berri emateko. Azkenengo eraso hau Errekagane kalean eman zen, emakume bat bere etxera zihoala jarraipenak jasan zituen. Ezkutatu eta ihes egitea lortu zuen, erasotzaileak oihuz iraintzen zuen bitartean.

Emakumeon aurkako erasoak ez dira gaur egungo gauza, baina egia da azken urte hauetan gure auzoan emakumeon egoera jasan ezina bihurtu dela, alarma gorria piztu da. Itzubaltzeta / Romoko herritarrok ezin ditugu honelako eraso eta jarrerak onartu, emakumeok gure auzo zein herrietan aske bizitzeko eskubidea dugulako.

Asko dira emakumeok pairatzen ditugun bazterketa eta indarkeria egoerak, sistema kapitalistak erabiltzen duen patriarkatuaren ondoriozkoak. Hierarkizazioa, gizonak emakumeen gainetik egotea, menderatzaileak eta menderatuak egotea, horixe da gizarte patriarkalaren oinarria, gizon eta emakumeen arteko harremanen eskemaren funtsa.

Guzti hau salatzeko eta Itzubaltzeta / Romon eraso sexista gehiagorik ez dugula onartzen argi uzteko itzubaltzetako emakumeon asanbladako kideok manifestaldi baterako deia luzatzen dugu.

Uztailaren 15ean, 20:00etan, Santa Eugenia plazan.

Herritar guztion parte hartzea ezinbestekoa da!

Mobiliza zaitez!

Itzubaltzeta / Romon eraso sexistarik ez!

Gurekin harremanetan jartzeko: emakumeok.iea[abildua]gmail.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun