Barrikako EAJren presidente ohiari ahozko epaiketa egiteko agindua eman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 8a, 13:41

Jon Larrazabal Barrikako EAJren presidente ohiari eta Alexander Albizu Excavaciones Baranda SA enpresaren arduradunari ahozko epaiketa egitea erabaki du Getxoko bosgarren Instrukzio Epaitegiak, Muriola inguruan, Barrikabasotik gertu, orain urteak egindako isurketak direla eta. Horretaz gain, 7.200 euroko fidantza ezarri dio bakoitzari, Ekologistak Martxan erakundeak zabaldu duenez. Bizkaiko Zigor Epaitegian izango den judizioari begira, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak bina urteko espetxe zigorra eskatzen du auzipetuentzat, baliabide natural eta ingurumenaren kontrako delitua egotzita. Horretaz gain, 5.400 euroko isuna eta bi urteko inhabilitazioa (euren ogibidean) ezartzeko galdegin dute; baita Barrikako Udalari eragindako kalteak ordaintzeko ere. Akusazio partikular gisa, Txipio Bai talde ekologistak eskatzen duen isuna are handiagoa da: 12.000 euro. Horretaz gain, bi urteko espetxe zigorrari, beste urtebete edo 9.600 euro gehiagoko isuna gaineratzeko galdegin dute naturalistek, faunaren kontrako delitua egotzita. Bestalde, Txipio Bairen arabera, lurrak garbitzeagatik eratorritako gastuak eta epaiketaren kostua ordaindu beharko lukete Larrazabalek eta Albizuk. Argazkian, Iñaki Ortigosa Txipio Baiko presidentea.

Txipio Bai talde ekologistak 2006an aurkeztu zuen bi horien zein Jose Maria Ezpeleta Barrikako orduko alkatearen kontrako salaketa, "delitu ekologikoa, influentzia-trafikoa eta prebarikazioa" egotzita. Inputatu gisa deklaratu ostean, udal agintaria izandakoaren kontrako salaketa behin-behinean artxibatu zuen epaileak, frogarik ez zegoela argudiatuta.

Txipio Baik azaldutakoaren arabera, 2002ko bukaeran, "mahastiak landatu ahal izateko", 8.000 metro koadro baino gehiagoko lur eremua "egokitzeko" lizentzia eskatu zion Barrikako Udalari Jon Larrazabalek. "Bi urte geroago eskaera aldatu zuen horrek, 70.000 metro kubiko lur botatzeko bertan. Gainera, lortutako lizentzia Alexander Albizuren Excavaciones Baranda SA enpresari ematea eskatu zuen", aipatu zuen salaketan elkarte naturalistak. Ekologisten arabera, Barrika, Barrikabaso, Artepeta eta hondeaketa lanak egiten zebiltzan beste eremuetatik ateratako hondakinak ziren horiek. Aipatu guneetako obren "kontratista zen Jon Larrazabal", Txipio Baik salatu zuenez. Baita "lur horiek kutsatuta egon zitezkeela" ere. Ildo horretatik, "proiektua bi azaletan banakatzea" egotzi zion Larrazabali epaileak, "Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean baimena eskatu beharra saihestu eta Udalan bakarrik eskatu behar izateko".

Balio natural handiko gunea

Lakuako exekutiboak 2005ean esku hartu zuen auzian, hainbat txosten plazaratuz. Horrela zioen Biodibertsitate Zuzendaritzak egindakoa: “Proiektuaren zati bat interes geologikoko puntu batean kokatzen da, EAEko Garrantzizko Espazio Naturalen Katalogo Irekian jasotako interes naturalistikoko gune baten barruan. Gune horrek 'Galea lurmuturra-Barrika itsasertzaren zatia' du izena eta gure itsasertzeko 'hondartza eseki' bakanetako bat da. Hori dela eta, interes geologikoko puntu horretan eragitea ekidin beharko da. Proiektuak zuhaixka- eta zuhaitz-formako landaredi autoktonoa duen erreten txiki batean du eragina, eta hori 'baso-igel iberiarra' espeziea (Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan interes berezikotzat jotakoa) hartzeko habitat potentzial gisa definitu da. Hori dela eta, azterketa egin beharko da proiektuaren eremuan espezie hori egiaz badagoen edo ez zehazteko eta, baiezkoa edo/eta bada, neurri alternatiboen azterlana zuzentzaileen proposamena egiteko”.

Txipio Baik salaketa aurkezteko orduan adierazi zuenez, Jaurlaritzaren "eskakizunak ez betetzeaz" gain, "uraren ibilgua oztopatuz, errekatxoak hornitzen zuen urmaela ia desagertzea eragin" zuten lur-betetze lanen arduradunek; baita Muriola harrobiko ekologia-balio handiko hondartza fosila "guztiz hondatu" ere. Bestalde, Barrikako Udalak emandako baimena "legeria urratu" zuela argudiatu zuen talde ekologistak, "ez zelako Udalarena baimen emateko eskumena, Eusko Jaurlaritzarena baizik". "Horretaz gain, abeltzaintza erabilerarako izendatutako eremua lurrez betetzea galarazten dute arau subsidiarioek", gaineratu zutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun