Hiru gazte atxilotu dituzte Negurin trasteleku eta kotxeetan lapurtzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 8a, 17:47

Getxoko Udaltzaingoak hiru gazte atxilotu ditu goizaldean Negurin, hainbat trastelekutan eta kotxe baten barruan lapurtzea egotzita. Tokiko poliziak telefono deia jaso du 02:53 inguruan Los Tilos kaleko auzokideek trastelekuetan eta garajean zarata susmagarriak entzuten ari zirela esanez. Bizilagunek ataria zabaldu ostean, hiru lagun topatu dituzte udaltzainek. Horiek, poliziak ikusita, korrika irten dira eta aparkatutako kotxeetan ezkutatzen saiatu dira, udal iturriek aipatu dutenez. Agenteek hirurak harrapatu eta atxilotu dituzte, hainbat trasteleku bortxatuta izan direla eta horien aurrean hainbat objektu pilatuta zeudela (besteak beste bizikleta bat eta bortxaketa egiteko erabili dituzten tresnak) ikusi ondoren. Halaber, agenteek garajean aparkatuta zegoen beste kotxe bat aurreko eskumako leihatila apurtuta zeukala eta barrukoa nahastuta zegoela egiaztatu ei dute. Leioa, Bilbo eta Getxoko gazteak, hurrenez hurren, 22, 23 eta 24 urtekoak, gaur goizean bertan epailearen aurrera eraman dituzte. Inguruan gertatutako antzeko lapurretan parte hartu duten ala ez ikertzen ari da polizia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun