Aurreko edizioetan Eibarren, Aiaraldean, Elgetan, Donostian, Bermeon eta Ermuan parte hartu zuten gazteek argi utzi duten moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago ere egiteko irudimena eta gaitasuna. Halaxe erakusten dute urtez urte teknika zein eduki aldetik etengabe hobetuz doazen lanak.
Kultura euskaldun eta askea
Haien zabalkundea errazteko asmoz, Kameratoiaren baitan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu-Partekatu (cc-by-sa) lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu nahi duen edozeinek edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, beti ere jatorrizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko betebeharrarekin. Topaguneak berak aukera hori aprobetxatu du azken urteotan, Kameratoian sortutako hainbat bideo herriz herri doan Laburbira film laburren zirkuituan txertatzeko.
Aurrekoetan bezala, Kameratoiak webgune propioa du aurten ere. Bertan, lehiaketaren oinarriak, aurreko edizioetako lanak, izena emateko aukera eta beste hainbat jakingarri aurki daitezke. Honako hau da bere helbidea: http://www.kameratoia.com
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea. Eskualdean, Leioako Berbalamiñe euskara elkartea, Berbots Erandion Euskaraz, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, "UK" aldizkaria argitaratzen duen Boluntzarreta kultur elkartea, Egizu Getxo Euskaldun! eta UKBERRI.NETen argitaletxea den Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak dira Topaguneko partaideak.