Castilla izeneko eraso-gerraontzi anfibioa Algortako kirol portuko gurutzontzietarako nasan amarratu da gaur eta bertan izango da bihar iluntzera arte. Gerraontziaren eskifaia 192 soldaduk osatzen dute eta haiekin batera
Quetzal Bidea egiten ari diren 245 gazte eta 16 begirale bidaiatzen dira. Haietatik, 12 gazte eta begirale bat euskal herritarrak dira. Goizean, Bizkaiko Zubia bisitatu dute eta gaur eta bihar Bizkaitik zehar ibiliko dira. Castilla Pasaiatik heldu da eta Euskal Herriraz gain, Kantabria, Asturias, Galizia eta Portugalera joango da. Gazteek bidaia Madrilen hasi zuten ekainaren 15ean, handik Perura joateko. Jomuga, berriz, Lisboan izango dute hilaren 17an. Aurreko egunean, ustez "ikasketa eta abentura programa" den Quetzal Bidean dabiltzan gazteei Espainiako Armadako ofizialek Espainiako banderari zelan zina egingo dioten ikustea "eskainiko" diete Pontevedrako Marin portu militarrean. Quetzal Bidea 1979an sortu zuen Miguel de la Quadra-Salcedok, Juan Carlos de Borbon y Borbon Espainiako erregearen mandatuz. Ekimenaren xedea "Brasil eta Portugal barne, espainola mintzatzen den herri guztietako 16 eta 17 urteko gazteriaren artean nazio iberoamerikarren komunitatearen zutoinak sendotzea" da. Argazkian, Miguel de la Quadra-Salcedo Castillako ofizial bat agurtzen, Pasaian / © Quetzal Bidea.