Gaur, astelehenarekin, Letren Terrazak zabaldu ditu Getxoko Udalak. Ekimen horren bitartez, gaztetxoek eta helduek liburuez gozatzeko aukera izango dute, udal liburutegiek udalerriko hiru plazetan jarritako etxoletan. Horiek abuztuaren 26ra arte egongo dira zabalik Areetako Xake eta Algortako Borobia plazetan. Telletxekoa, berriz, hilaren 27an Iturgitxi plazara eramango dute, irailaren 2ra arte. Terrazak astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik ondoko ordutegian: 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Horrela, udal liburutegien arduradunek hautatutako eleberriak, ipuinak, komikiak eta abar, izango dituzte eskura terrazetara hurbildutakoek. Azken finean, udarako eta, bereziki haurrentzat aproposak diren irakurgaiak kaleratzea da ekimen horren helburu nagusia, arduradunek adierazi dutenez. Argazkian, iaz Areetako Xake plazan kokatutako terraza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!