Helburua 16 eta 25 urte arteko gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da. Landak azaldu duenez, “izatez, euskara sustatzearen ikuspegitik adin-tarte konplikatua da, pertsonen garapenean sozializaziorako sasoi garrantzitsuak direlako”. Alkateak gehitu duenez, "forma berriak probatu behar dira zailtasun guzti horiek gainditzeko; forma berri hauek originalak izan behar dira eta batez ere gazteen gaur egungo interesei erantzun eman behar die, hau da, harremana izan behar dute teknologia berriekin eta musikarekin”.
Ideia lehiaketa
Egitasmoa dinamizatzen duen enpresak, mundu osoko 27 egitasmo jaso zituen eta lehenengo aukeraketa baten ondoren 7 aukeratu zituen ( India, Italia eta espainiar estatuko hainbat lekutatik, besteak beste), euren artean, Philippa Barr antropologoak aurkeztu eta lehiaketako irabazle izan zena.
Philipparen proiektua berritzailea da, bideojoko baten bidez musika eta parte-hartzaileek garatu beharreko istorio baten kontaketaren nahasketan oinarritzen delako. Proiektua oraindik lantzen ari dira hainbat eragile sozialen ekarpenekin, baina, aurreikusi dutenez, urtarrilerako amaituta egongo da.
Alice Springs inguruko aborigenekin lan egin duen antropologo australiarrak azpimarratu duenez, “urrutiko komunitate horietako kultura eta hizkuntza gutxiagotuak, Kultura Australiarra bera aberasten ari dira”. Philippa Barr-en iritziz, “hizkuntza, jabekuntza tresna garrantzitsua da, hizkuntzek bizirik irauten duten gizarteek erabiltzen badituzte eta bere herri-kulturan eta musikan erabiltzen badira”.
Antropologo australiarrak adierazi duenez, aurkeztutako proiektua asmatzeko momentuan, “musika eta teknologia berriak erabiltzea erabaki nuen ez indar globalizatzaile gisa baizik eta gazteak hizkuntza gutxiagotuak erabiltzera gonbidatzeko". Horretan kontu klabe bi nahasten dira: rol jokoaren bidez istorio bat kontatzea eta musika. Bideojokoan, erabiltzaileek musika talde bateko partaideak izango dira eta komunitate bat sortzea sustatu beharko dute, euren musika, letrak eta harremanak sortuz. Philippa Barr-ek inportantzia handia ematen dio musikari hizkuntzen erabilerarako motibazioan. Beraren ustez, euskara hizkuntza oso aberatsa da, diferentzia handiekin eta “oso misteriotsua”.