Josep Maria Berenguer argitaratzailea eta Astiberri argitaletxea omenduko dituzte Getxoko Komiki Azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 11a, 21:06

Josep Maria Berenguer La Cupula Ediciones-eko jarduera zabaleko argitaratzailea eta Astiberri argitaletxe bilbotarra izango dira aurtengo Komiki eta Manga Azokaren protagonistak. Jardunaldien 10. edizioa azaroaren 25etik 27ra izango da Areetako Xake plazan eta, bertan, 80 bat saltokiz gain, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak eta beste zenbait ekitaldi egongo dira. Berenguer 1944an jaio zen Bartzelonan eta Arte Ederrak ikasi zituen Stockholmen. Freelance argazkilari eta ilustratzaile jardun zuen eta liburu eta disko azalak egin zituen. Halaber, pintura eta argazki erakusketak jarri zituen Bartzelonan, Madrilen, Parisen eta Stockholmen. 1979an "El Vibora" aldizkaria sortu zuen Josep Toutainek lagunduta eta, ordutik hona, argitaletxe horretako zuzendari literarioa izan da. Hasiera-hasieratik kalitatezko komiki independente eta hiritarraren aldeko apustu egin zuen, egile eta irakurle belaunaldi oso batentzako erreferentzia bilakatu dela. Argazkian, Komiki Azokara hurbildutako hiru lagun, artxiboko irudian / © Getxoko Udala.

Urte askotan zehar El Vibora argitaletxearen entseina nagusia izan zen eta espainiar komikiaren panoramako erakusle handienetariko bat. La Cupularen eskutik, Max, Gallardo, Mediavilla, Nazario, Marti Riera, Mariscal eta Alfredo Pons egile berriek bere burua ezagutzera eman zuten. Halaber, zaleek nazioarteko egile ospetsuen lanez gozatzeko aukera izan zuten. Horien artean, Robert Crumb, Gilbert Shelton, Art Spiegelman, Jiro Taniguchi, Yoshihiro Tatsumi, Daniel Clowes, Peter Bagge, Hernandez anaiak eta Charles Burns aipatu behar dira. Halaber, eleberri grafikoaren aldeko apustua egin zuen lehenengo argitaletxe espainiarra izan zen La Cupula eta, aipatutako egileez gain, Joe Matt, Adrian Tomine, Jason Lutes, Chester Brown, Ralf König, Camille Jourdy eta Etiene Davodeau artista handien lanak kaleratu zituen.

Astiberri

Astiberri bilbotar argitaletxea 2011ko martxoan sortu zen, irakurle helduei, nahiz eta derrigorrean komiki-zaleak ez izan, zuzenduta. Ospe handiko artistek -nahiz eta batzuetan hemengo irakurleek ezagutzen ez badute- eginiko kalitate literario handiko lanak argitaratzea du ardatz nagusietako bat Astiberrik. Horrela, Edmon Baudoin, Jason Lutes, Frederik Peeters, Craig Thomson, Lewis Trondheim, Jason, Neil Gaiman, Dave McKean, Guy Delisle eta Alex Robinson egileen aldeko apustu egin dute eta, pixkanaka-pixkanaka, artista horiek zaleen artean erreferentzia bilakatu dira.

Halaber, argitaletxeak Espainiako egile berrien zein ospetsuen lana bultzatu du eta, horri esker, zenbait artistaren lanak esportatzea lortu dute. Egile horien artean Luis Duran, Raquel Alzate, Javier de Isusi, Paco Roca, Fermin Solis, Lorenzo Gomez, Fidel Martinez, Jorge Garcia eta David Rubin aipatu daitezke.

Astiberriren jarduera luzea ez bada ere, sari ugari jaso ditu, esaterako, "Diario de Avisos de Tenerife" egunkariak argitaletxe onenari emandako Darias sari ospetsua bost aldiz irabazi du. Halaber, argitaratu dituen lan askok eta komiki horietako egileek 50 izendapen baino gehiago lortu dituzte Bartzelonako Komiki Azokan, Espainiako azokarik garrantzitsuena alegia, 2003tik aurrera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun