ETAk agiria igorri du "Berria" eta "Gara" egunkarietara. Uztailaren 7an sinatuta dago, eta agiri horretan ondokoak esan ditu, beste gauza batzuen artean: "Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko aukera dagoelako uste osoa izanik, bide horretan sakontzeko prestutasuna berretsi nahi du ETAk. Zentzu horretan eragile orori egiten diogu deia, konponbidearen alde murgildu dadin eta guztion artean elkarrizketa eta negoziaziorako esparruak zabal ditzagun". Erakunde armatuak gaineratu duenez, "hilabeteotan, ezker abertzalearen iniziatibaz eta beste sektore batzuetan ere egin den hausnarketaren ondorioz, egoera erabat aldatu da. Egun, burujabetzaren aldeko indarrek bere protagonismoa eta eraginkortasun politikoa berreskuratu dute, herri sektore zabaletan aldaketarako ilusioa eta esperantza piztuz eta indar metarako aukera eskainiz".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!