Orain dela 28 urteko uztailaren 13an, gaurko datan, Manuel Francisco Garcia San Miguel Espainiako Polizia Nazionaleko agentea hil zuten Sopelan,
Libertad Digital Espainiako hedabide ultraeskuindarrak gogoratu duenez. Garciak Algortako Martikoena kaleko komisarian egiten zuen lan, patruila-auto baten ardura zuela. Garaiko prentsak zabaldutakoaren arabera, gaueko zerbitzu txanda bukatuta Garcia kalez jantzi eta trena hartu zuen Sopelaraino, bertan bizi baitzen. Jada Sopelan, goizeko 8:45ak aldera, bi pertsona atzetik hurbildu eta bi tiro bota zizkioten burura, polizia unean bertan hil zela. Dena den, lurrera erori eta hirugarrenez tiro egin zioten, bularrera. Prentsaren arabera, balizko Zubike kalean izan zen hilketa. Hortaz, Zubiganen gertatu izana litekeena da. Julian Sancristobalek, orduan Bizkaiko gobernadore zibila eta urte batzuk beranduago GAL auziko Segundo Marey-ren bahiketaren piezan zigortua, ETAri leporatu zion atentatua eta "zalantzarik gabe ordainduko" zutela agindu zuen. Sancristobalek kasua argitzeko hiritarren laguntza eskatu bazuen arren, oraindik ez da jakina Garcia zeintzuk hil zuten, ETAk "exekuzioa" bere gain hartu zuela alde batera utzita. Manuel Francisco Garcia San Miguel Lugoko Guitiriz herrian jaioa zen, 27 urte zituen eta alaba jaio berria eta emaztea utzi zituen. Argazkian, Garcia San Miguel / © Libertad Digital.