Gotzon Alcalde preso politiko algortarra jipoitu egin zuten kartzelariek ostiralean Frantziako Fleury kartzelan, Askatasunak zabaldutakoaren arabera. Ostiralean bertan bete zuen Frantzian ezarri zioten espetxe zigorra eta Espainiara eramateko zain dago. Jipoitu ondoren mitardera eraman zutela gaineratu dute, 10 egunerako zigortuta. Askatasunak azaldu duenez, "berarekin zer eginen zuten jakin nahian, goiz osoa pasatu zuen informazioa eskatzen. Matoien isiltasunaren aitzinean, bazkaria ekarri ziotenean ziegatik atera zen. Hor jo egin zuten eta bortxaz berriro sarrarazi. Gero itzuli ziren bere ziegara, ahoa tapatu zioten oihal batekin eta jipoitu. Ondotik gibeletik esposatu eta mitardera eraman zuten. Barneko epaiketan, hor egoteko 10 egunez kondenatu zuten. Markak ditu, besteen artean besoetan eta bularrean, eta salaketa ezarriko du ahalik lasterrena". Gotzon Alcalde datozen edozein egunetan eraman dezakete Madrilera, errepresioaren kontrako erakundearen arabera, Frantzian ezarri zioten espetxe zigorra dagoeneko beteta duelako. Atzo Madrilen zegoeneko abisua jaso zuten, baina gaur goizean bere etxekoek esan diete Frantzian dagoela oraingoz. Argazkian, Gotzon Alcalderen irudia ezkerrean.